XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IKASTOLA PUBLIKOA - IKASTOLA PRIBATUA

Planteamendu honek beste pondu bat ukitzera narama eskutik, ikastola publiko eta pribatuarena alegia.

Garrantzizkoa arloa noski eta gaurregun eztabaidakizun dena.

Hemen aipatzen baldin badut, arazoak erlijio bizitzarekin ukan dezakeen zerikusiagatik da.

Heziketa, gizartearen eginkizun

Heziketa, gizartearen eginkizuna, egintza, dela esanaz hasiko naiz, eta gizarte guziaren eginkizuna gainera, Herriarena esango litzake gure artean.

Baina hau argitzeko galdetu egin behar: Zer da, ordea, Gizartea? Nork osatzen du Gizartea?.

Itzulimitzuli batean esango dut: Gizartea, bitarteko (intermedio) giza elkarteek osatzen dute.

Eta Gizartearen erantzun-eramailea Estadua edo Agintea da.

Bitarteko gizarte hauetako bat, eta oinarrizkoenetakoa, Familia da.

Edukazioa Gizartearen eginkizuna baldin bada, eta Gizartea bitarteko gizarteez osaturik baldin badago, bitarteko gizarte hauek eraman lezakete heziketa lana.

Gizarteko gizon guzientzat heziketa bat iristea eta agindu-erreglamendu batzuen bidez hori lortzea, izanen da Estaduaren lana, bera bait da Guziekiko Ontasunaren (Bien Común) gordetzaile.

Heziketarako familiaren lehenengotasuna

Bitarteko elkarteak heziketa lana aurrera eraman dezakeela esaten nuen.

Familia, Gizartearen osagarri garrantzizkoena denez, eginkizun hortaz ardura daiteke, areago oraindik: gurasoek horretarako duten eskubide-lehenengotasuna irmoki baieztatu behar da, honetan ere Izadiaren legeari men emanaz (Ikus Kristau Heziketarako Kontzilioaren Dekretuan, 3. zenb.); ondorengo baieztapen hauetan finkatuko nuke esandakoa.